XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Habla Philippe Oyhamburu
Marx eta autogestioa ezin dira ezkondu.

ETORKI koru eta ballet taldearen zuzendari bezala ezagutzen genuen Philippe Oyhamburu.

Ez guk bakarrik.

Leku askotan zen ezaguna, bere konpainiarekin behin baino gehiagotan korritu baitu mundua.

Oyhamburu biarriztarra da.

Haurtzaroa Montevideon egin zuen eta Parisen kokatu, gero, familiarekin, 39an itzuliko da Biarritza eta Olaeta dantza irakasle famatuarekin hasiko euskal folklorea ikasten.

Oldarra taldeko zuzendari 8 urtez; Etorki sortu zuen 1.954ean.

Berriki, Euskal Herria itzuli da betirako.

Duela guti, Bakunini buruz frantsesez argitara eman zuen liburua, espainolez atera dute.

Guk ez genuen artistaren idazle fazeta hori ezagutzen eta asmo horrekin joan gatzaizkio.

EGIN.- Noiz eta nola jaio zitzaizun liburu hau?.

Ph.O.- Gaztetandik lotu nintzaion politikari, Parisen familiarekin bizi nintzenetik.

Ondoren Biarritzen kokatu ginen aita eta biok.

Han hasi nintzen abertzaletzen.

Ordutik ez naiz funtsean sekula kanbiatu.

Kontuan izan, abertzaleak ere, eskuinekoak edo ezkerrekoak direla.

Berriro Parisa itzuli nintzen, eta han irratian lan eginez, buru belarri jarraitu nintzaien hango politika, asmo eta ideiei.

Partidu Komunistan sartu nintzen eta bertan militatu nuen asko denboraz.

1.968ko maiatzean hoztu egin zitzaidan komunista fedea.

Denborarekin Partidu Sozialistan sartu nintzen autogestiozale zelako eta autogestiozaletasunak, jakina, anarkismoara eraman ninduen.

Anarkismoaz irratsaio batzuk prestatu nituen.

Liburu etxe batek, gai honetaz, liburu bat egin nezala eskatu zidan, eta horrela sortu zen liburua.

EGIN.- Partidu Sozialistan egon zinela diozu.

Zer erizten diezu CERESkoei?.

Ph.O.- Marx autogestioarekin ezkondu nahirik dabiltza, eta ez dut ezkontza zailagorik ikusten.

Estatuaren abolizioaz mintzatu ziren Marx eta Engels, baina oso guti eta, bereziki, hasieran.

Gero, aldiz, estatuaz jabetu ondoren, zentralismorik gogorrena ezarri dute marxistek.

Ez dago zentralismoaren kontrako esperientzia komunistarik.

Izugarrizko borroka izan dute beti anarkistek eta marxistek.

Anarkistek giza banakoen eta giza taldeen autonomia nahi lukete.

CERESkoek, beraz, kontrajarriak dauden postura bi ezkondu nahi dituzte.

Ez dira Marx kritikatzera ausartzen.

Lehen Stalinekin bezala, orain Leninekin sartu dira kritikak.

Ordua da, ene ustez, Marxekin ere hasteko.

EGIN.- Noiz eta non eraman dira praktikara anarkisten autogestio teoriak?.

Ph.O.- Beti esan da, anarkistak kritikatzeko bakarrik direla on, ez ideiak mamitzeko.

Eta ez da egia 1.936tik 1.937ra Katalunian eta Aragoin, 1.936tik 1.939ra Levante deitu probintzietan egin esperientziak miresgarriak izan dira; autogestioaz mintzatzen diren guziek hobe lukete esperientzia horik estudiatzea, nolanahikoa eta ezer jakin gabe hitzegitea baino.

EGIN.- Gaurko CNTaz zer eritzi duzu?.

Ph.O.- Ez dut egungo CNT sakonki ezagutzen.

Hala ere negargarria da Bartzelonako anarkisten jai haundian gertatu dena.

Milaka jenderen aurrean hainbeste diskurtsotatik bat bakarra entzun zen katalanez.

Kontatu didatenez, Euskadiko CNTan ere problemak dituzte, euskaltzale eta espainol zaleen artean noski.

Jende asko baitago CNTan, euskal nazionalismoa entzun, eta besterik gabe sutan jartzen denik.

Espainiako anarkistei konpreni arazi behar diegu, Euskal Herrian anarkista izan daitekeela lehenik euskalduna izanik.

EGIN.- Anarkismoa askorentzat bizitzeko era pertsonal bat da, eta ez besterik.

Ph.O.- Bueno.

Bakoitzaren bizitzeko era aldatzea ere bertute bat zait, eta asea naiz asmo ederrak goretsi eta bestela bizi direnez.

Baina egia da anarkista askok ez duela anarkismoaren azala baizik konprenitu, funtsezko mamia bazterrera utziz.

Anarkista izateko, kontzientzia maila altua behar da.

Buruzagirik gabeko gizarte batetan beharrezkoak dira hezketa, organizazioa, zuzentasuna, gizatasuna.

Iraultza eguna etorri arte ezertxo ezin daitekeela egin, uste du jende askok.

Ez da egia.

Oraindanik hasi behar dugu autogestionukleo eta esperientziak sortzen eta zabaltzen.

EGIN.- Autogestioaz mintzo zara etengabe.

Euskal Herrian ere autogestioaz mintzo dira marxisten eta sozialdemokraten artekoak.

Ez al dira aski eklektikoak autogestiozaleen diskurtso horik?.

Ph.O.- Autogestioaz ari direnean, haren alderdi ekonomikoa hartzen dute askok.

Autogestioa botere guzien dezentralizazioa da eta ez bakarrik botere ekonomikoarena.

EGIN. - Nukleo horik zabaldu edo, aldatuko al da gizartea, gradualki?.

Ph.O.- Ez. Kapitalismoak bere burua arriskuan ikusten duenean, edozein bideri helduko dio defenditzeko.

Eta, noski, aldaketa sakon baten ordua etorriko da, iraultza beharrezkoa izango da.

EGIN.- Liburuan garrantzia haundia ematen diezu marginatuei.

Zer egiteko du proletargoak?.

Ph.O.- Asperturik gaude proletalgoak bakarrik iraultza egingo duela entzuteaz.

Langileria minoria da eta gero eta minoriago gainera.

Honetan ere tronpatu zen Marx.

Anarkisten eritziz, populu guziak egingo du iraultza.

Anarkisten iritziz gero eta jende gehiago da, proletargotik aparte sistema aldatu nahi duena.